martes, 6 de mayo de 2025

Alu libreak

Norberaren gorputza ezagutzea eskubide bat da, oinarrizkoa, baina, gure gorputzaren atal guztiak zehaztasun maila berarekin ezagutzen al ditugu? Badago atal bat gutxi, gutxiegi aipatzen duguna. Deigarria da berarekiko dugun isiltasuna, tabua.

Ziurrenik Silvia Federiccik azalpen dotore bat emango liguke emakumeen gorputzen kontrol eta errepresioari dagokionez. Izan ere, norberaren gorputzarekiko lotsa, atzerakada, nazka edota ez dakit nik zer beste sentimendu desjabetze prozesu baten barruan sartu beharko genuke, zer uste duzue?

Klitoria mozten duten kultura eta tradizio horiek gogor kritikatzen ditugu, baina haur intesexei egiten zaiena isildu da eta barruko ezpainak moztearen moda normaltzat hartu ere. Praktika desberdinak dira, ezin konparatuak, baina zenbait gauza komunean dituzte, ez edo?

Ez naiz sartuko ileekin, edo bai. Aizu! Funtzio bat dute. Bale batzuk guztiz depilatuta egotea eta hala irudikatzea, errealitate bat da. Baina, guzti-guztiak?

Sexu eta ugalketa eskubideak emakumeen eskubideei lotuta jaio ziren, mugimendu feministari esker, eta Wikipedia ezagutza guzti horrekiko leihotxo bat izan daiteke, baina zer dio gure entziklopediak bulba edota aluari buruz?

Apirilaren 25etik eta 27ra artean Tarragonako herritxo batean emakumeen osasunean arituak diren emakume eta wikilariak gauza guzti hauei buruz hitz egiten aritu gara.

Artikulua plazeraz aritu zitekeen, eskubideez, baina ondo eta txarto eginiko aluez ari da (zen), luze. Atrofia eta gaixotasun asko topatu ditugu.

Irudiei dagokionez, zaplazteko bat. Hamar bat emakume aritu gara "irudi libreek" adierazten dutena ikusiz eta gela horretan sortu zen ezinegona ezin dizuet azaldu. Commonsen pornografia gordina eta arriskuko praktika ugari dago, ez ordea irudi eta bideo horiek ezabatzeko arau zehatzik.

Ez pentsa mojatxoak ginela edota aluak ikustera ohituta ez geundela, ginekologoak genituen gurean. Ez zen hori. Alua irudikatzeko modua zen, begirada.

Beste aukera batzuk ikusten hasi ginen, emakume artistek sortutako argazki, ilustrazio eta bideoak. Ze aldaketa! Barreak entzuten hasi ziren. Ze polita! Ze ederra! 

Wikipediako alu libreek norberaren gorputzarekiko errekontziliazio hori eragingo balukete, a ze lasaitua eta poza.

No hay comentarios:

Publicar un comentario